Wy/eu/Uribe Kosta

From Wikimedia Incubator
< Wy‎ | eu
Wy > eu > Uribe Kosta

Uribe Kosta Bizkaiko eskualde bat da.

Sarrera[edit | edit source]

Bizkaiko barrualdea ezagutzen ibili gara aurreko ihesaldietan. Gaur Uribe Kosta eskualdera egitea erabaki dugu, Bilbo Handiaren ekialdean eta Busturia eskualdearen mendebaldean. Armintzatik Ermua mendira igo ondoren, itsaslabarretik egingo dugu bi ordu eta erdiko ibilbide hau, Abratik Bakiora arteko ikuspegi zoragarria bistatik galdu barik. Bizkaiko kostaldean hain ohikoak diren eukalipto artean ibiliko gara eta gure historiako arrastoak ere topatuko ditugu: gerra sasoiko bunkerrak, Astondo gainean, Gorlizen.

Ibilbidea[edit | edit source]

Armintzan egin dugu hitzordua, goizeko 9:30ean. Orain dela urtebete zoritxarreko gertaera batek egunkarietako lehenengo orrialdeetara ekarri zuen Armintzako herria. Hemen agertu ziren Prestige ontziaren lehenengo orbain handiak; etxeetara ere iritsi ziren petroliontzia ondoratu osteko arrasto beltzak. Urte batzuk lehenago ere inguru hau ezagun egin zen ia beste hondamendi ekologiko bat gertatu zelako, Lemoizko zentrala abian jarri nahi izan zutelako. Egin zuten zentrala, martxan ipini, ordea, ez. Han geratu zen erraldoia, betiko lo. Prestigek eragindakoak harkaitzetan sumatzen dira oraindik, baina guk inguruaren edertasunaz gozatu nahian ur ondoko harkaitzetan gora egingo dugu. Arres hotelaren atzeko aldetik, Urzuriaga bidea hartuko dugu. Burdin-hesia zeharkatu beharra dago bidea jarraitzeko eta berehala Armintzako portua ikusiko dugu eukaliptus artetik, gure eskumara.

Hasierako bide zati honetan ez dugu inor aurkitu; gehiago dira ibilbidea Gorlizen hasten dutenak-eta, baina ikuspegia ederragoa iruditu zaigu Armintzatik Gorlizera joanda. Errekatxo bat zeharkatu dugu bidexkan aurrera goazela, eta inguru idilikoan dagoen baserri batekin ere topo egin dugu.

Lurmutur handia[edit | edit source]

Handik aurrerako bidea apur bat aldapatsua da, baina merezi du esfortzuak, batez ere, aldapa amaituta, bidea hasi eta ordu betera, itsaslabar izugarria topatuko dugulako: Grande lurmutur zorabiagarria.

Itsas mailara jaisten hasi aurretik apurtxo bat gehixeago igoko gara. Lehenengoz itsaslabarra ikusten dugunetik aurrera, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Eskumara bidea hartuta sasoi bateko eraikin batera iritsiko gara, «Castillito» deitzen dutenera.

Ermua mendi gaina[edit | edit source]

Bidean aurrera eginda iritsi gara Ermua mendi gainera (290 metro). Bertan, Areetako Ondarrak mendigoizale taldeak 1967ko apirilaren 17an jarri zuen postontzia, eta mezu hau irakur dezakegu: "Euzkera dugu yatorizko yolasera Euzkalerian". Handik bertatik, itzelezko panoramika daukagu; ezkerretara Gorlizko hondartza eta harantzago Abra aldetik Kantabriara arteko itsaslabarra.

Beheko aldean, aurrez aurre Billanoko irla eta eskumarantz Armintzatik Bakiora arteko kostaldea begiztatuko dugu.

Beheranzko bidea[edit | edit source]

Hemendik aurrerakoa beheranzko bidea da. Itsaslabarrek, lurmuturrek eta badiek ebakitako kostatik abiatuko gara. Harritu egingo gara paisaiak eskaintzen dizkigun ikuspegi anitzekin: Billanoko irla galdua han behean utziko dugu, eta Azkorriagako gotorleku estrategikorantz joko dugu: ezkutuko bunkerrak zain ditugu.

Artadia ezkerretara dugula zelai eder bat zeharkatu dugu eta harriz hesitutako zelaia igaro ondoren, bide seinalea ikusi dugu: Astondorantz, itsasargira bidea da jarraituko duguna; beste aldera, dakargun bidea, Ermua menditik barrena Armintzara doa.

Gorlizko itsasargira jaitsiko gara. Inguru bitxia da hau: kosta zati honetan dauden lehenengo bateria militarrak daude han eta bunker bateria bat ere bai. Elkarloturik daude eta gura izanez gero, bertara sar daiteke, ilun samarrak diren arren. Azkorriagako gotorlekua, Ustrikoetxe tontorrean dago. Aintzina Bizkaiko jaurerria etsaiengandik babesteko erabili zen.

Zementuzko bidea[edit | edit source]

Itsasargitik zementuzko bidea hartu dugu, beherantz. Orain bai, hasi gara jendea ikusten; Gorliz aldetik datoz, haizea alde dute eurek; guk, kontra. Baina ez digu axola, gozagarria da itsas haizea eta hego haizea nahastuta aurpegian sentitzea.

Asfalto bidea hartuta eskumarantz ikusten hasiko garen mendirantz joko dugu. Maldan gorako bidea non hartu jakiteko, markatxoa ikusiko dugu lurrean bertan: gezi hori bat tontorrera bidea erakusten diguna. Hesi ondotik gorantz egingo dugu eta berehala, berriz ere, itsasoa izango dugu parez pare. Handik gertu hamaiketakoa egiteko leku paregabea dago, argazkian ikus daitekeen askaldegia: mahaia, bankuak, erretzeko lekua eta bista izugarria: Ermua menditik ezkerretara ikusten zen paisaia dugu begien aurrean. Lur muturrean sasoi bateko eraikin baten aztarnak daude. Bertaraino ere jaitsi daiteke.

Indarrak berriturik, iturrian ura edan eta harmailetan gora egingo dugu. Harmailek Gorlizko Astondoraino eramango gaituzte. Bidean begiratokiak daude; batzuen parean zuhaitzak larregi hazita daude ezer ikusteko, baina besterik ezean, aulkian atseden hartzeko balio dute.

Astondon, Gorlizko ospitalea[edit | edit source]

Eguzkia beranduenen ezkutatzen den lekua da Astondo. Agian, horregatik erabaki zuten ospitalea han jartzea. Mario Camiña Foru Aldundiko arkitektoak eraiki zuen ospitalea, tuberkulosi gaixoentzako itsas osasun etxea izan zena garai batean. 1919ko ekainaren 19an sortu zen, Enrike Areilza doktoreak zuzenduta. Eraikina esanguratsua da sasoiko Bizkaiko arkitekturan. Hormigoi armatua erabili zuen Camiñak eta forma ordenatua eman zio eraikinari, arkitektura modernoaren aitzindari. Argi asko eta leiho handiak ditu eraikinak. Ahaztu ezinezkoak dira itsasora begira dauden terraza handiak.

Behin Astondora iritsita, Gorlizko hondartzan zehar pasiatzea gomendatzen dizuegu. Esfera erdiko hondartza ederra da Gorlizko Astondokoa, itsas kirolak egiteko aproposa, gainera.

Itzulera, guk, autobusez egitea erabaki dugu; hondartza ondoan dago autobus geralekua eta Armintzara doan autobusa hartuta, berehala iritsiko gara.

Erreferentziak[edit | edit source]