Jump to content

Wy/eu/Altzo

From Wikimedia Incubator
< Wy | eu
Wy > eu > Altzo

Altzo Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean dagoen herri bat da.

Sarrera

[edit | edit source]

Altzoko Handiaren omenezko eskulturak Altzo Muinon edo Altzo Azpin egon behar zuen, hori ere eztabaida iturri izan zen garai batean. Altzo Muino dago batetik, eta Altzo Azpi bestetik, topografiaren bi mutur eta herri beraren bi zati. Zeruak Altzo Muinotik gora egon behar du nonbait, Oria ibaia behean utzita. Gu Lizarribar eta Elordiko etxeen artetik hasiko gara: ate baten antzekoa da Tolosaldeko inguru ederrenetarikoa.

<<Altzoko Handiaren erraldoitasunaren arrastoak daude Altzo Muinotik gorako harri, artadi eta tumuluetan>> <<Otsabioko estazio megalitiko garrantzitsua, hurritzez eta pagoz inguraturikoa, geldialditxo bat egiteko leku magikoa da>>

Hasiera

[edit | edit source]

Oria ibaiaren ibarrean dago Altzo Azpi. Herriko gunerik zaharrena izanagatik, gaur egun bera da txikiena. Bertako elizaldean merezi du geldialditxo bat egitea. San Salbador elizak oinplano angeluzuzena eta kanpandorrea ditu. Gurutze-gangez estaliriko nabe bakarra dauka, sakristiarako sarrera gotiko erako arkuak biltzen duela. Egokitze lanetan ari zirela eliza erromanikoaren absideko hormak aurkitu zituzten. Horma-aztarnak agerian gorde dira, kripta bat zabalduz.

Badirudi Olazabalgo monasterioari dagozkiola aztarnok. 1025ean Ipuskuako Jaun zen Garzia Aznar eta bere emazte Galga Andereak Haitzetako San Juango beneditarrei eskainitakoa izan ei zen monasterioa. Emakida agiriak Gipuzkoako lurraldeko aipamenik zaharrena jasotzen du. San Salbadorreko parrokiak ondoan ditu erretoretxea eta Olazabal-berri baserria.

Guk aurrera joko dugu, ordea, herriko goiko aldera.

Altzo Muinora goaz

[edit | edit source]

Altzo Muino udalerriaren goialdean dago, Oria eta Araxes ibaien artean. Oria aski ezaguna da. Aberatsa eta ezezagunagoa da bere ibaiadar den Araxes. Azpirozko mendatean jaiotzen da eta Betelu eta Araitzetik behera Lizartzatik igarotzen da, urak Tolosa parean isuriz Orian. Araxes ibaiak maldak eta magalak definitu ditu bisitatuko ditugun parajeetan, eta bertako ekonomiaren bizkarrezur izan da, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko komunikabide izateaz aparte.

Bertan bizi da jende gehien, eta udaletxea ere hantxe kokatuta dago. Aurrean da Arandia jatetxea, berdin hartzen dute han bertakoa zein kanpokoa. Udaletxeak egur eta adreiluzko egitura du, eta hiru arkuko arkupea du bereizgarri. Eraikin apala da, baina ederra bere soiltasunean.

Lizarribar, Otsegi, Etxeberri, Iriarte eta Arretxe... baserriak inguruari loturiko landa-arkitekturaren adibide bikainak dira hemen. Iriarten eta Etxeberrin, harlana baliatu beharrean adreilua erabili da hormetan. Arretxek sarrera-arkua du.

Antza denez, Altzo Azpi eta Altzo Muino bi auzook independenteak izan ziren luzaro. Batu ziren garaia eta titulua ezezagunak zaizkigu. Oso aspalditik bazuten akordio bat, zeinaren arabera urtero, txandaka, bateko nahiz besteko alkatea hautatzen zuten.

Herri txikia izanik eta banderizoen borrokek gain harturik, Altzo Tolosako hiribilduari uztartu zitzaion 1374an: Tolosako alkateari zegokion herriaren eta gaizkileen gaineko agintea, baina administrazio ekonomikoa zein lur komunalen aprobetxamendua errespetatuz. XVII. mendean jaso zuen Altzok hiribildu izaera, gainbeheran zegoen Errege-Ogasunari 25.160 erreal ordainduta.

Altzoko Handia bezain

[edit | edit source]

Altzo Muinon Jasokundeko Andre Maria parrokiako dorrea dago dena gobernatuz, Juan eta Andres Berakoetxea harginena, XVIII. mendekoa. Eliza saloi-oinplanokoa da, nabea gurutze-gangek estaltzen dute eta horiek kapitel gotikodun zutabeetan oinarritzen dira. Portada ere gotikoa da.

Altzoko Handiaren erraldoitasunaren arrastoak daude gotiko zakar eder horretan, eta Altzo Muinotik gorako harri, artadi eta tumuluetan. Izan ere Migel Joakin Eleizegi (1818-1861) neurriz kanpo hazi zen, bi metro eta berrogei zentimetro inguru, espektakulu bihurtzeraino. Gauza da herrikoentzat ez zela harrigarria, Altzo Muinotik gorako harri, artadi zein tumuluen tamainakoa zela iritzita, agian. Baina Lekunberriko seme Jose Antonio Arzadunek elkarte bat osatu zuen beren-beregi erraldoia handik hona erabili eta dirua egiteko. Kontratuan, Migelek erretzeko behar zuen tabako guztia elkartearen gain egongo zela ezarri zen eta, zegoen lekuan egonda ere, mezara joateko aukera edukiko zuela.

Errege-erreginen denbora-pasa bihurturik, herriminak jota ibili zen Altzoko Handia. 43 urterekin hil zen jaioterrian, biriketako tuberkulosiak jota. Kondairak dio Altzo Azpiko kanposantutik Altzoko hilerri berrira pasa nahi izan zituztenean, erraldoiaren hezurrak ez zirela inon ageri. Donostiako San Telmo museoan bere jantziak daude ikusgai, baita jendaurreko azalpenetarako erabili ohi zuten publizitate ohol bat ere.

Bertakoa izan gabe

[edit | edit source]

Bertakoa izan gabe ere Altzoko Handiari barrenak jan zizkion herrimina ulertzea erraza da. Ikustea besterik ez dago aipatutako Lizarribar eta Elordiko etxeen artetik pasatuta zeinen bide atsegina doan Gereizeagako olgetarako gunetik Goikoetxe baserriraino, bere eranskin, ukuilu, zarratu eta abarrekin. Erdi-puntuko bi arkuk osaturiko sarrera-ate harexen ondotik jarraituko diogu PR-GI 113 ibilbideari. Goikoetxe baserriaren azpian, Amezketako ibarrean, Altzoko Errota dago.

Aipatutako PR-GI 113 ibilbidetik beraz, hamaika kilometro inguruko ostera geratzen zaigu. Goikoetxe baserria atzean utzi eta Arrimagara iritsiko gara. Arrimagarako bidean amaitu da harrezkero galipota, eta harri txokorreko bidetik goaz gas estazio bateraino. Hirukoiztu egiten dira bideak puntu horretan, eta eskuinekoa hartu behar dugu guk, Azkarateko bidea, harik eta karobi baten hondakinak eta Arteaingo borda ikusi arte, erdi eroria. Lehenago inguruotan hiru borda zeuden, eta handik ibiltzen ziren ikazkinak, karegileak, kostara bidean zihoazenak...

Ondoren Otsabioko (801 m) magaletatik abiatuko gara, Artarrekako harrobiaren gainetik. Zezen gorriaren itxura hartzen zuten jeinuak bizi ziren Otsabioko leize zuloetan. Behigorri edo Zezengorri maiz ageri da Tolosaldeko herriaren jakintzan zein armarrietan. Izaki horri zegokion Mariren etxeen zaintza.

Otsabioko hegoaldeko magala sigi-saga doa Arteaingo bizkargunera arte. Bertara heldu orduko pinudi batean sartuko gara eta kartela ikusiko dugu dolmen batera.

Otsabioko megalitoak

[edit | edit source]

Aipamen berezia merezi dute Otsabioko Neolito-Brontze Aroko dolmenak eta Pagoaundiko tumuluak. Estazio megalitiko garrantzitsua da Otsabio. Arantxa Amunarriz eta Josu Tellabidek 1991n aurkitutako dolmenak edo trikuharriak hiru harlauzaz osaturiko ganbara du, jakituna ez denari oharkabean pasa dakiokeena. Alboan monumentu izendatzen duen plaka dauka, ordea. Halakoetan gertatu ohi denez, ekialdera irekita dagoen laukizuzen planta du. Alboko lauzak zatiturik daude, eta harean etzanda. Ganbarako harlauza guztiak bertako kareharrizkoak ditu. Hurritzez eta pagoz inguraturik, geldialditxo bat egiteko leku magikoa da dudarik gabe.

Harrobia utzita

[edit | edit source]

Harrobia amaitu ondorengo bidegurutzean eskuinera hartuko dugu, Legasako bidetik. Pagadi eder batetik igaroko gara eta, ondoren, artadi zarratutik.

Kantauriko artadiena gauza ederra da. Mediterraneoko klimari dagozkien basoak dira, prezipitazio indize baxuagoekin eta tenperatura epelagoekin hazten direnak. Baina hemengo lurren osaerak –drainatze oneko zoru mehea duten hareharrizko eremuak– miraria obratzen du. Ematen du elkorra dela, ez dagoela ezer, baina belarria jarri dugu eta okila entzun, marraskariak sumatu, azkonarra imajinatu.

Zitzaolara heldukeran, berriro bidegurutzea hartuko dugu baina aurkako norabidean, lehenengo bidegurutzera iritsi arte. Horregatik dauka osterak puxika forma: joandako bide beretik itzuliko garelako.

Laparmendiko gurutzearen historia tristea

[edit | edit source]

Aukera legoke, ordea, Zitzaolan eskuinera jo beharrekoan ezkerrera jotzekoa, eta Laparmendira (812 m) igo. Ondoan daukan Otsabioren izenik eta presentziarik ez dauka Laparmendik edo Pagotxikik, baina talaia zoragarria da beste mendi batzuei so egiteko. Aralar mendilerroaren ipar-ekialdean estrategikoki kokatua, hiru lepo ditu inguruan: Arteain, Pagoaundi eta Zizitokieta. Laparmendiko tontorrean ugertutako gurutze bat dago, inguruotan XIX. mende amaieran hil zen ume baten gomutan ipini ei zutena. Lizartzako familia bat Laparmendira joaten zen ira bila, antza. Halako lantoki bat amaitutakoan, ostera, seme-alabetako baten falta sumatu zuten. Bila eta bila aritu arren alferrik izan ei zen, eta egun batzuk geroago hilda aurkitu zuten, hanka bat tontorreko arroken artean harrapaturik. Zehazki leku horretan bertan jarri omen zuten gurutzea. Nork jakin.

Erreferentziak

[edit | edit source]