Wy/eu/Larrungo trena

From Wikimedia Incubator
< Wy‎ | eu
Wy > eu > Larrungo trena

Larrungo trena Lapurdiko Sara udalerrian dago.

Ibilbidea[edit | edit source]

San Inazio kaskoko aparkaleku mukuru betean utzi dugu autoa. Inguruko bentetatik bueltan diren erretiratu landesen autobusak, etxepeko aldapari mendia esaten dioten takoidun paristarrak, haurtxoarekin arratsalde pasa etorritako gipuzkoarrak, trenekin maitemindutako bikotea, paisaiak pintatzera igotzen den artista... Denetik dago txarteldegirako ilaran.

Txartela hartu eta trenean esertzea aski da, alta, Larrunera ez ezik, denboran barna bidaiatuko dugula ohartzeko. Trena egurrezkoa izateak eman digu abisua: Pirinioetako izeiez sendotu zuten teilatua, Landeseko pinuz tronadura, Ariègeko (jatorrizko okzitanieraz Ariéja) gaztainondoz estaldura, eta Afrikako usteldu ezinezko zurez plataforma. 1924ra jauzi egin dugula dirudi. Alabaina, batek daki zerk bultzatuko zuen gizakia trena mendi tontorreraino eramatera.

1908koa omen da gailurrerainoko trenbidea eraikitzeko burutazioa. 1912an ekin zioten ideia gorputz eta arima gauzatzeari, baina lan administratibo astunak eta lau urteko gerra astunagoak 1919ra arte eten zuen saiakera. Obra 1924an bukatu bazen ere, ez pentsa dena samur eta zelai joan zenik. Urte hartako urtarrilaren 7an, probak egiten ari zirela, lokomotora burdinbidetik atera zen istripua eragin eta egitasmoa kolokan jarriz. Nahasi bezain urduriak izan ziren hurrengo hilabeteak, apirilaren 25ean Iturriederretarainoko zatia eta ekainaren 30ean tontorrerainokoa inauguratu zuten arte.

Trikuharri, mendizale, ardi, sai[edit | edit source]

Maldan gora abiaturik, erretiratu landesek bide-ertzetik izerdi patsetan lasterka doan gaztea animatzen duten artean, paisaia gose ditut begiak. Pare bat trikuharri eta dolmen ageri dira urrutira. Martxa honetan, ardi latxak nola, auto-gibeleko pegatina bihurtzekotan diren pottokak lasai ederrean dabiltzala salatzen dute zintzarri hotsek. Nola ikusten ote gaituzte zeruetan itzuli-mitzulika dabiltzan saiek? Bezperan hildako kabala baten usainean dabiltza, edo besterik gabe, postala edertzeko erakartzen dituzte? Zer usteko dute Larrungo ezaugarria den harri eta lurraren gorri arreaz?

Gustura galdetuko nioke txarteldegiko artistari nola islatzen duen gorri hori oihal zurian. Baina gauzak zer diren, altuera hartu ahala begien aurrean marrazten ari zaiguna baino ederragorik nekez pintatuko duela pentsatu dut nire baitan. Ezer izatekotan, ederra baita Sara. Mendeak dituzten etxe gotorrak, mendiz inguraturiko bide-zidorrak, denbora eta naturaren esku baizik ez dauden obrak... Geroz eta ttipiago ageri da dena, geroz eta libreagoa eta urrunagoa da ikusmira. Ez da alferrik Larrun itsasertzeko lehen mendi garaia. Hiru arnasa baizik ez daude hondartzatik 905 metroko altueran dagoen tontorrera.

736 metroko desnibela jaten du San Inazioko lepotik Larrungo kaskora garamatzan trenak. Erraz esaten da. Alabaina, ordu erdian, 4,2 kilometroko eta %25eko tarteak dituen malda orduko bederatzi kilometroko abiaduran igotzea balentria bat da bere xumean. Kremailera sistemari zor zaion balentria. Kremailerak indarra egin dezan, ohiko trenbideari hirugarren errail hozkadun bat eransten zaio erdi-erdian, trenaren errotak bertan lotu eta bagoiek maldara itsatsita segi dezaten. Begiak maldara itsatsita dituztenak tren zale itsuak diren senar-emazteak dira. Frantziako Estatu osoan molde honetako hiru tren baizik ez direla gelditzen azpimarratu diote elkarri. Hirugarren errailari baino Hiru Iturrietako bide-gurutzera so egitea probetxugarriagoa dela iduri zait niri.

Tren baten partez, bi[edit | edit source]

Hiru Iturrietan egiten dute bat Azkainetik, Saratik eta Urruñatik Larrunera igotzen diren bideek. Mendizale gehienek bertako oihaneko itzalpean biltzen dituzte azken txanpari ekiteko indarrak. Gailurrean ogitartekoa janda beherantz datozenek burlaizez begiratzen diete goranzkoan mingaina dandarrez darabiltenei. Hego-haizetan zabaltzen den erreka soinuak sosegatzen du giroa. Igoeran lehenbizikoz ikusi dugu itsasoa urrunean. Apenas antzematen diren hara eta hona dabiltzan ontziak, Hondarribiko hondartza inguruko etxe-orratzak ikustearekin konformatuko gara oraingoz. Eta hori ere...

Ez bat, ez bi, goizegi gautzen duen egunetan nola, bistarik gabe geratu baikara goitik behera zetorren trena gure paretik harrigarriki igarotzean. Nork pentsatu behar zuen behinola tren baten partez bi ibiliko zirela mendi magaleko joan-etorrian? Zer ote diote gutaz bazkatzen diren artean begiratu ere egiten ez diguten ardi muturbeltzek? Inbidia ote diote Larruni ezkerretara ageri diren Pirinioetako gailur tantai zein Nafarroako tontor sorginduek? Trenak hemen utziko bagintu zenbatek jarraituko genuke goraino oinez? Emazte paristar takoiduna txorkatila bihurritu gabe iritsiko ote litzateke?

Mugak baino gehiago pasabideak baitira mendiak, zeharkatzeko eginak, ibiliak eta erabiliak. Ez dago lur hauek mugarik gabe ulertzerik. Euskal nortasunean egindako zauri bat da muga, aduana, negozio legala zein kontrabandokoa, kontatu nahi edo ezin diren mila historia... Baina batez ere, muga izaera bat da, bizitzeko modu bat. Galdetu bestela azken aldapa pikoa gainditu eta gailurreko geltokitik keinuka ari zaizkigun hiru bentei. Horixe da azken helmuga, hemen bukatzen da bidaia bat eta hemen hasten da beste bat.

Harrigarria baita Larrungo tontorrak duen bizitza. Gelditu gabe dabiltza zerbitzariak terrazatik barrara eta barratik terrazara. Zurrunbilotik ihesi, telebistarako antenaren oinetan eseri eta talaia panoramikoenaren bila pausatu gara. Hondarribiko etxe-orratzetatik Landetako hondartza salbaietarainoko sigi-sagak garbi-garbi ageri dira. Urruña, Donibane Lohizune, eta enparauak hatzekin ukitzeko moduan daude. Pasaia inguruko fabrikak sumatzetik Ibardinen pilatutako autoetara egiten du begiak. Amaigabeak dirudite Bortziriak, Malerreka eta Baztan aldeko mendiek. Amaigabeak ingurumari osoko mendi-bide, zidor, eta pista amaraunek. Nahikoa da begiak ixtea, aitzinako ilargi beteko gauetan, 50 kiloko zakuak bizkarrean, alde batetik besterako lasterkariak irudikatzeko. Gutxi behar du orotariko gerretako iheslariek tontor honetan hartuko zuten arnasa hartzeko. Dena dago bistan ikusi nahi duenarentzat.

Larrun Larun ere bada[edit | edit source]

Bistak-pista, ikustea entzutetik hasten da sarri, eta entzumena misterioz josita dago. Nola azaldu bestela Urruñan eta Saran Larrun dena Larun izatea Beran eta Lesakan? Kontrabandoko gau batean galdu ote zen r-a? Inguru horietan II. Mundu Gerra kari eraikitako bunker batean gordeta ote dago? Edo leiendetako Larrungo herensugeak irentsi ote du? Larrungo maldetako behialako sorgin festa eta akelarreetan trabaturik geratu ote zen? Edo Pierre de Lancreren inkisizioak erre ote zuen gure r-a? Jabetuko ote da istorio-mistorio horiez bikote gipuzkoarraren altzoan lokartu berri den haurtxoa?

Galderak airean heldu zaigu abiatzeko tenorea. Trena, pertsonen gisan, aldapa behera goraka baino azkarrago ibiltzen ote den pentsatzen sartu naiz trenera. Oraingoan, arreta desbideratu gabe, Koralhandiako gotorlekua, Gorostiarriako harrespilak eta Iturriederko zohikaiztegia preziatzen ahaleginduko naizela hitzeman diot nire buruari. Alferrik izan da, oinez igo eta beheranzkoan Jasolako bentan bazkaltzea bezalako planik ez dagoela aldarrikatzen pasa dut bidaia. Aitatxi urruñar bat daramat barruan, nonbait.

Gida praktikoa[edit | edit source]

Prezioak: Joan-etorria17 euro helduentzat eta 10 euro haurrentzat.

Egutegia/ordutegia: Martxo erditik azaro hasierara arte dago martxan. Uztail eta abuztuan 8:30etatik 17:30etara, eta gainontzeko hilabeteetan 9:30etatik 11:30etara eta 14:00etatik 16:00etara. 35 minuturo ateratzen da tren bat.

Bidaiaren iraupena: 30 minutu.

Geltokiko telefonoa: 05 59 54 20 26

Webgunea: www.rhune.com

Erreferentziak[edit | edit source]