Wy/eu/Eskoriatza

From Wikimedia Incubator
< Wy‎ | eu
Wy > eu > Eskoriatza

Eskoriatza Gipuzkoan dagoen udalerria da.

Sarrera[edit | edit source]

Deba Goienean, Gipuzkoako hego-mendebaldean dago Eskoriatza. Deba ibaiaren goialdean, 41 kilometro koadro inguruko udala da, 3.900 biztanleri ostatu ematen diena. Makina bat jauregi eta eraikin bikain aurkituko dugu bertan, horietako asko indianoen diruarekin eraikiak. Izan ere, eskoriatzar andana joan zen Ameriketara XVI. eta XVII. mendeetan.

Eskoriatza[edit | edit source]

Egungo Eskoriatzari buruzko lehen aipamen idatzia XII. mendekoa da, Aitzorrotz mendi tontorrean zegoen gazteluari buruzkoa, hain zuzen ere. 1260an Arrasate eta 1331n Gatzaga Leintz bailaratik banandu ziren. Horretara, Aretxabaleta, Eskoriatza eta haien elizateek osatu zuten Leintz bailara. 1457an Leintz bailara Gipuzkoako senidetasunean sartu zen. XVI. -XVII. mendeetan, eskoriatzar asko joan ziren Ameriketara eta indiano haien aberastasunekin garaiko Gipuzkoako erietxe garrantzitsuenetakoa eta beste hamaika eraikin, jauregiak, elizak, komentuak, errotak, errementeriak eta zubiak, eraikik zituzten. 1630ean bi herritan banatu zen bailara: Aretxabaleta zortzi elizaterekin eta Eskoriatza zazpirekin. Hauexek dira Eskoriatzako elizateak:

Apotzaga: Eskoriatzako hirigunetik bi kilometro eta erdira dago Apotzagako elizatea, Anboto eta Udalatx zaindari dituela. Baserri multzo aberatsa dago elizate honetan, Okaranza oinetxea tartean. Okaranzatarren familia izan zen elizateko garrantzitsuena XV, XVI eta XVII. mendeetan. Hilerri zirkular bat ere badago Apotzagan, Euskal Autonomia Erkidegoko monumentu multzo izendaturikoa. Baserri bakoitzak bere hilarria du hilerri honetan. San Miguel parrokiaren babespean dago elizatea eta elizak berak arkitektura aztarna erromaniko eta gotikoak ditu.

Gellao: Apotzagatik hiru kilometrora dago Gellao. Andre Maria Jasokundekoaren parrokia da arkitektura ondare nagusia, ate erromaniko arranditsua duena.

Zarimutz: Eskoriatzako hirigunetik 5 kilometrora dago Zarimutz. Erdi Aroko aztarnen lekuko da elizate hau, eta San Pedro parrokia da horren erakusgarri. XVIII. mendean berriztatu zuten. Mendi ibilaldi politak egiteko lekua da Zarimutz.

Marin: Eskoriatzako hirigunetik 6 kilometrora dago Maringo elizatea. Santa Maria Magdalena parrokiako erretaula barrokoak erakarri ditu bisitariak batez ere, berriztatu eta 1996ko uztailean inauguratu zutenetik. Santa Luzia ermita eta estilo neoklasikoko hilerria dira beste arretaguneak. Horiez gain, Isasi baserriak berezkoa du xarma, beheko su zentrala baitu XV. mendeko sukaldean, bakarra da Gipuzkoan.

Bolibar: Hirigunetik 3 kilometrora, Bolibarren, naturak agintzen du. Aitzorrotz, Lete, Erañako haitzak eta Axtroki ingurua daude Bolibarren. Eskalatzaileen paradisuan, arkitektura ere txertatu da baina. San Miguel parrokiak XVIII. mendeko zurezko ganga du, leiho erromanikoa ere bai.

Mendiola: Aretxabaletatik 4 kilometrora dago Mendiola. San Joan Bataiatzailearen parrokian, polikromatutako harriz egindako santutegia eta sakristiako esku-ikusketariak ezin ukatuzko xarma duten eskulanak dira. Mendiolatik ikusmira ederraz gozatuko dugu: Anboto, Udalatx eta Urkuluko urtegia izango ditugu aurrean, besteak beste.

Mazmela: Eskoriatzako hirigunetik hiru kilometrora dago. XVI. mendeko Andre Maria Jasokundekoaren eliza, San Bartolome baseliza eta Errota baserriko ibai-errota izango dira hemen bisitariarentzat interesgune nagusi. Erdi Aroko sarkofago bat ere badago San Bartolome baselizatik gertu, egun abereentzako aska gisa erabiltzen dena.

Ondare arkitektonikoa[edit | edit source]

Eskoriatzan arkitektura lan ikusgarriak daude han-hemenka. Jauregi eta eraikuntzak anitz dira eta horiek guztiak lotuta ibilbide aberasgarri eta oparoa egiteko aukera daukagu.

Errosario Santuko erietxea hartuko dugu abiapuntu. XVII. mendean eraikitako ospitale hau probintziako monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Juan de Mondragon Azkarretazabal Eskoriatzako semeak Ameriketan bildutako diruarekin eraiki zuten. 1912tik oraintsu arte San Viatorko fraideen esku egon da baina 1988an Mondragon Unibertsitateak erosi zuen, eta orduz geroztik HUHEZI fakultatearen egoitza dago bertan. San Pedro elizara joko dugu orain. Hau ere XVIII. mende amaieran eraiki zuten, Mexikotik herritarrek bidalitako diruarekin. Barroko estilokoa da eta ezaugarri nagusi ditu dorrea eta korupeko Kristoren eskultura. Gastañadui edo Ganuza etxea San Pedro elizaren parean dago. Etxe honi buruzko aipamen zaharrena XVI. mendekoa da. 1730ean Gastañadui jaunak, Filipinetako Casamarca probintziako kapitain jeneralak, erosi zuen. Euskal Herriko beste udal askotan bezala, Eskoriatzan ere Udaletxea eraikuntza lan handia da. XIX. mendean eraikia, harlanduz egitura sinplea du. Zalbidegoitia jauregia Pedro Zalbidegoitia eskoriatzarrak aginduta eraiki zuten, XVIII. mendean, Ameriketako merkataritzarekin irabazitako diruarekin. Egun kultura etxea da. Jose Arana panteoia Mariano Benlliure eskultura egile ezagunak Jose Aranari egindako eskultura multzoan dago. Ibilbide arkitektonikoaren amaieran ezin saihestuzko pausaleku izango dugu Zubiateko labea. Labean hainbat zeramika zati aurkitu zuten eta horiek aztertuta XIX. eta XX. mendeetan erabili zutela jakin da.

Mendi ibilbidea[edit | edit source]

Mendizaleek badute non gozatua Eskoriatzan. Mendi ibilaldi eder bezain hunkigarria egiteko modu berezia dago bertan. Monumentu megalitikoek zedarrituriko bideari jarraituta egingo dugu saioa. Elgea-Artiako monumentu megalitikoetan dolmen, tumulu eta menhirrak, dira ikusgarri. Kurtzebarri inguruan ere Asuntzetako eta Puntiagako tumuluak daude zain. Azkorri Aratzeko parke naturala iristen da inguru horretara, eta Zaraiako mendilerrotik Elgearaino dauden monumentuak gidari eta bidelagun ditugu.

Ibarraundi museoa[edit | edit source]

1510 inguruan eraiki zuten Ibarraundi jauregia. Eskoriatzako aristokraziaren bizileku zen hasieran, Barroko garaian Gipuzkoako baserri nagusi eta 1975ean egun duen itxura eman zioten. XXI. mendean egin zuen azken urratsa basetxeak, eta museo bihurtu zen.

Galartzatarrek aginduta eraiki zuten Ibarraundi baserria. Gaztelatik Kantauri itsasora eta Frantziara zihoan errege bidearen alboan eraiki zuten, Arlabango mendatearen azpian, Aitzorrotz eta Kurtzebarri mendien magalean. Gaztainadiak, jauregiak, Santa Ana komentua, burdinola, errota, zubia, dolarea eta karobia ere garai hartakoak dira. Ibarraundin, ordea, beste zenbait eskoriatzar ezagun ere bizi izan da. Gipuzkoako senidetasunaren sorreran eta Berpizkunde garaian Fernando de Eskoriatza zientzialari eta medikua, besteak beste.

Eskoriatzako Museo-Eskolaren proiektua 1983an jarri zuen martxan Aitzorrotz Etnografia taldeak. Herriko eta ibarreko ondarea, etnografia eta historia aztertu eta babestea zuen asmoa. 1986an baina, Museo-Eskola Luis Ezeiza Herri Eskola gisa zabaldu zuten. Eskoriatzako udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuten. Egun, hasierako helburuari eutsita tailer, joko eta ekintza ugari antolatzen da bertan bisitarientzat, Historiaurretik Aro Modernora arteko ibilbidearen erakusgarri. Beheko solairuan Leintz aretoa, ikus-entzunezko gela eta harrera lekua daude. Lehen eta bigarren solairuetan, berriz, erakusketa iraunkorrak eta behin-behinekoak. Euskal Herriko historia du abiapuntu gure herrikora iristeko, historia, etnografia eta ingurunea ere aztertuz, eta hori guztia sartzen du kultura eta aisialdian. Historian esaterako, Paleolitotik Erromatar Garaira arteko ibilbidea egin daiteke. Axtroki inguruan 1972an aurkitutako k.a. VII. eta VIII. mendeetako urrezko ontzien erreplikak dira Historiaurreko guneko elementu esanguratsuenak. Etnografian, Eskoriatzako nekazal gunearekin lotutako ekintzak eta ohiturak irudikatzen dituzten txokoak daude: Linogintza prozesua azaltzen duena, Ertaroko sukaldeen altzari eta elementuak, lurretik garia lortzetik ogi bihurtu arteko prozesua, antzinako eskolen irudikapena, euskal mitoak... Aitzorrotz aretoan ingurumena eta naturarekiko errespetua sustatzeko erakusketa bisitatu daiteke. Udalerriko maketa eta basapiztien bitartez, hurbileneko ingurumen itxura eman zaio. Museo bizia lortzea da Ibarraundiren helburua eta horretarako hainbat tailer eta jarduera antolatzen ditu urtero eskolentzat.

Museoaz gain, Eskoriatza eta Debagoienari buruzko turismo informazioa ere eskaintzen da harrera tokian. Eskoriatzako eta Museoko oroigarrien saltoki bat ere badago.

Erreferentziak[edit | edit source]