Wy/eu/Erronkari harana

From Wikimedia Incubator
< Wy‎ | eu
Wy > eu > Erronkari harana

Erronkari harana Nafarroako Piriniotan dagoen bailara bat da.

Sarrera[edit | edit source]

Erronkari bailarak Nafarroako ipar-ekialdeko ertza betetzen du, eta horren ondorioz gure geografiako punturik menditsuen, garaien eta agian politena ere bada. Bestalde, lurra ere horrelakoa denez, biztanleek bere izaera propioa gorde dute. Burgi, Erronkari bera edota Izaba bezalako herri harritsuetako kale estuetatik paseatzen ikusiko ditugu lasaitasun osoz. Azkenik, ez dezagun ahaztu, Euskal Herriko mendirik garaiena ere, 2.444 metroko Hiru Erregeen Mahaia bertan dugula, eta hemen berau igotzeko aukera eskaintzea ezinbestekotzat jo dugu, edonork igotzeko modukoa baita.

Ibilbidea[edit | edit source]

Abiapuntu gisa Koroak (Las Coronas) mendateko begiratokia aukeratu dugu, Nabaskoze eta Burgi herrien artean. Mendate hau bailararako sarrera da, eta begiratokiko norabide-mapatik geroago hurbilduko garen Pirinioko gailurretako ikuspegi ederra behatu daiteke. 7,5 kilometrotara Burgiko turismo-kartel horia dugu. Honen atzean dagoen malkorrera igoz gero, herriko eta inguruetako bista politak izango dituzue. Burgin bertan, merezi du karrika estu eta harritsuetan zehar paseatzea, Pirinioko egurrezko etxe galanten artean, Eska ibaiaren gaineko zubi erromatar ikusgarriraino.

Erronkarirantz, landaretza urriagotzen doala konturatuko gara, eta honen ordez, haizpitarteak eta orokorrean paisaia harritsua nagusituko da. 11. kilometrorako Erronkarin sartzen gara, bailarako gunera; Julian Gayarre tenorearen eta izen bereko gazta ospetsuen sorterrira.

Iparrerantz goazela, hurrengo geldialdia Urzainki dugu, aurrekoak eta hurrengoak bezala, mendiko herri atsegina. Herriko etxe anitzez gain, San Martin Tours-en eliza nabarmenduko dugu, harrizko tenplu gotikoa, erretaula barrokoarekin. Beste 4 km.ra Izaba herri ederra dugu, bailarako gune turistiko eta mendizalerik garrantzitsuena. Herria eta gasolindegia pasatuta, ezkerrerantz jo, Otsagira. Bi mendiren artean goazela, 2,5 kilometrora eskuinera Mintxate Zintzurra ikusiko dugu. Bertan aparkatu eta arroila igaro ostean, atzeko bailaratxo atseginean pasea dezakegu.

Pare bat kilometro gehiago eta Uztarrozen sartuko gara. Etxeez gain, Santa Grazi elizan Nafarroako organo eta zilargintza erlijioso bildumarik garrantzitsuenetakoa gordetzen dute.

Herritik 3,5 kilometrora arku bakarreko zubitxo polita ikusiko dugu, Eskaren ur hotz, bizkor eta gardenen gainean. Ibilbidearen 40. kilometroan Lazar mendatera iritsiko gara. Bertatik Pirinioetako beste ikuspegi polit bat lortuko dugu. Gero, Izabara itzuliko gara.

Hiru Erregeen Mahaia eta Pirinioak[edit | edit source]

Izaban ezkerrera abiatu, Belagoarantz, eta hortik 3 kilometrora eskuinera, Zurizarantz. Hemendik 10 kilometrora Zuriza mendia igaroz Aragoin sartuko gara. 500 metrora ezkerrera egin behar dugu, Zuriza kanpinerantz (ikusten da). Hau inguratu ostean errepidea bidetxo bihurtzen da, eta hemendik aurrera Linzako babeslekurako seinaleak jarraituko ditugu. Hau kanpinetik 5,5 kilometrora harrapatuko dugu. Linzatik Hiru Erregeen Mahaira (edo inguruko beste mendi batera) igo gaitezke oinez. Igoera luzea da, baina ez gogorregia, adin askotako jendea ikusi baitugu berau igotzen. Are gehiago, eguraldi oneko asteburua izanez gero, bidea jakitea ere ez da derrigorrezkoa; bertara doan jende-errosario luzea jarraitu eta kito. Horrela lagunak ere egingo dituzue.

Atseden hartu ostean, Erronkariko errepide nagusira itzuli eta eskuinera joko dugu, Belagoara. Bidea hartu eta 4 kilometrora Belagoako aterpetxe ospetsua eta atzeko mendi altuak ikusiko ditugu urrunean eskuinera, paisaia ikusgarria osatuz. Dagoeneko Belagoan sartu garen honetan, zeharkatu eta izen bereko mendatea igotzen hasi baino lehenago, hasieran bertan eskuinean aparkatu eta Belagoako txoko zoragarria bisitatuko dugu.

Belagoa mendate honek bista zoragarriak ditu, gehiago igo ahala are ederragoak: mendiak, askotan elurrarekin, bailara, Larrako labirinto karstikoa... horretara laguntzen duten begiratoki mordoa ere badira. Tartean Belagoako babeslekua igaroko dugu.

Larra munduko karst-ik handienetakoa da, eta bere lurpeko galeriak 1.300 metroko sakonerara iristen dira San Martingo amildegian. Ondorioz, espedizio espeleologiko mordoa erakartzen du. Gaur egun, inguru hau Natur Erreserba da.

Azkenik, ibilbide zoragarri hau mendatearen gainean amaituko dugu, San Martinen 262 mugarri mitikoaren ondoan. Hemen 1375etik uztailaren 13ko egunean Hiru Behien Zergaren Zeremonia ospatzen da. Erronkariko alkateek Baretous frantziar bailarako bizilagunengandik hiru behi jasotzen dituzte. Zerga honek larreak zirela-eta antzinako borroken bukaera gogoratzen du.

Erronkari[edit | edit source]

Erronkari izen bereko haraneko zentro geografikoan dago, eta harrizko nekazal etxeekin pirinioar estiloko oso herri polita osatzen du. XVII.-XVIII. mendeko jauretxeen artean Gambra, Lopez eta Sanz aipatuko ditugu. Monumentuei dagokienez, XVI. mendeko San Esteban eliza nabarmentzen zaigu, gurutze latinoko planta eta XVII.eko tailuzko erretaularekin. Julian Gayarre (1844-1890) Erronkariar hau mundu osoan ospetsu bihurtutako tenorea izan zen. Txikitan artzaina, Madrilera ikastera joan eta musika-zaletasuna piztu zitzaion; Iruñeko Orfeoian hasi eta Italian ikasteko beka bat lortu zuen. Bertan debutatu, eta handik aurrera munduko tenorerik onena izatera heldu zen. Gaur egun Erronkarin bere omenezko museo bat dago eta hilerrian (frontoia ezkerrean utziz kilometro batera) mausoleo artistiko ederra ere. Benlliureren brontzezko lan hau, 1900. urteko Pariseko Erakusketan ikusgai izan ostean, Maria Cristina Erreginak Madrilera eraman nahi izan zuen.

Izaba[edit | edit source]

Izaba, Pirinioetako lehen bi mila metroak igotzeko "oinarrizko kanpamendua" kalifika genezake. Izan ere, mendizale askok eta askok berau aukeratzen dute inguruko gailurretara iristeko edota eskian aritzeko abiapuntu edo atsedenleku gisa. Ondorioz, urte osoan zehar mendi-giro nabarmena somatuko duzue herri polit honetan.

Ikustekoak[edit | edit source]

Belagoa, Belabartze eta Uztarroze ibaiek bat egiten duten tokian (Eska ibaia sortzeko) menditxo batean kokatua, euskal-aragoar pirinioar estiloko herri ederra da. Horrenbestez, harrizko etxeek elurte gogorrak jasateko moduko teilatu maldatsuak dituzte (tximiniak biribilak dira), leihoak harlanduzkoak dira eta harrizko kaleekin batera osotasun ederra eratzen dute.

Herria 1429an sute batek erabat suntsitu eta 1813an frantziarrek ia zeharo txikitu bazuten ere, etxe nahikotxok beren armarria gordetzen dute. San Zipriano elizaren barnean, XVI. mendean harlanduz eginikoa, erretaula nagusia nabarmen dezakegu, platereskoa eta polikromatua, XVIII. mende erdialdeko organo barroko ederrarekin batera.

Hiru Erregeen Mahaia[edit | edit source]

Gailur hau, 2.444 metrorekin, Euskal Herri osoko punturik altuena da. Biarno frantziarra, Nafarroa eta Aragoi espainiarra elkartzen diren puntu honetatik imajinatu dezakezuenez (baita igoeraldian ere), ikuspegiak harrigarriak eta izugarriak dira. Euskal Herriko talaia denez, inguru zabalaren gaineko ikuspegiak txundituta utziko gaitu. Dozenaka tontor ikusteko aukera paregabea eskaintzen digu: Iparraldean Auñamendi, mendebaldean Lakora, Lakartxela, Ori, Lapakiza; hego-mendebaldean Ezkaurre; hegoaldean Ansabere; hego-ekialdean Ossau; ekialdean Lhurs-Sesques; ipar-ekialdean Peneblanque...

Azkenik, tontorraren gainean nafar mendizaleen zaindari den Xabierko San Frantziskoren brontzezko estatuatxo bat, bere jaiotetxe-gazteluko maketa bat, ohiko mendi-gutunontzia eta plaka bat aurkituko ditugu.

Igoera Linzako Babeslekutik[edit | edit source]

Gailurrera iristeko ibilbiderik errazen eta motzena Aragoin dagoen Linzako babeslekuan hasten da (bertaratzeko ikus ibilbidea). Desnibela 1.300 metrokoa da, eta joan-etorria 5-8 ordutan egin daiteke, norbere prestaketaren arabera; baina ez zaitezte larritu, edozeinek egiteko modukoa da.

Hemengo aparkaleku handiaren atzean hasten den eta seinalaturik dagoen (GR12) bidezidorra hartuz, Sobrante mendiko zelaietan gora hasiko gara, eki-ipar-ekialderantz.

Sobrante mendixka eskuinetik inguratu ondoren, Sobrante de Linza sakonunean sartzen da. Hemen, etxolaren atzean xenda bat hartu, Lapakizako hegoaldeko isurialdera sigi-sagean igotzen dena.

Eskuinaldetik, diagonalki, gailurreriaren azpian dagoen eskegitako bailaratxo batera iritsiko gara, ekialdean eta pixka bat beherago dagoen Linzako lepoa gaindituz.

Hemendik aurrera, La Solana sakonune handia ezkerraldetik inguratu eta ekialdetik igoko gara; honako haran honek mendiaren hego-mendebaldean dagoen Eskuesteko Lepora eramango gaitu. Azkenik, gailurreria jarraitu ondoren, harrizko bidezidor aldapatsu batetik (izotza baldin badago oso kontuz ibili behar da) gailur bietara iritsiko gara.

Dena den, ez ahaztu eguraldi oneko asteburuetan bertara benetako "prozesioak" izaten direla, eta bideagatik galdetzeko zein lagunak egiteko nahikoa jende eta gehiago izango duzuela.

Belagoa[edit | edit source]

Belagoako bailara Nafarroako ekialdeko ertza betetzen du, eta pirinioar kutsu handiena izateagatik klima heze eta hotza du. Mendi altuez inguratutako lautada honetan oso jende gutxi bizi da, eta teilatu maldatsuko borda bakan batzuk besterik ez ditugu ikusiko. Bertako zati bat betetzen duen Larra eremu karstikoa, iraupen eskia praktikatu edota besterik gabe ukitu gabeko eta bista ederreko leku eder honetan zehar paseatzeko oso bailara polita da.

Belagoako Txokoa[edit | edit source]

Belagoako mendatearen hasieran, basotxo eder bat zeharkatzen duen bidezidorra hartuz, minutu gutxitan zuhaitzez inguratutako eta sekulako paisaia erakusten duen leku idilikora ailegatuko gara, Belagoako txokora, alegia.

Informazio praktikoa[edit | edit source]

Burgi[edit | edit source]

Jatorduan:

  • Aranea eta Petroch jatetxeak- K/ Berria.

Jan eta lo egiteko:

  • Hostal El Almadiero- Plaza Nagusia 948- 47 70 86. Logela 5.000-6.400 pzta.

Uztarroze[edit | edit source]

Jatorduan:

  • Bar Restaurante Allurkos- Zabalea z/g.

Lo egiteko:

  • M¬ Luisa Nekazal Etxea- 948- 89 31 72.

Erronkari[edit | edit source]

Turismo Bulegoa (Naturaren Interpre-tazio Zentrua): 948- 47 52 56.

Jan eta lo egiteko:

  • Hostal Zaltua- Castillo 23. 948- 47 50 08.
  • Txarpa Nekazal Etxea- K/ Iriondoa. 948- 47 50 68.
  • Villa Pepita Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 47 51 33.

Lo egiteko:

  • Indiano Nekazal Etxea- Casillo auzoa. 948- 47 51 22.
  • Pili Nekazal Etxea- Erdigunean. 948- 47 51 35.

Izaba[edit | edit source]

Turismo Bulegoa: K/ Bormapea. 948- 89 32 56.

Udaletxea: 948- 89 30 05.

Osasun zentrua: 948- 89 32 52.

Jatorduan:

  • Pekoetxea Jatetxea- K/ Bormapea.
  • Kartutxo Jatetxea- Barrikata 4.
  • Tapia Jatetxea- Bormapea 23.

Jan eta lo egiteko:

  • Hotel Isaba- Bormapea 51. 948- 89 30 00.
  • Hostal Lola- Mendigatxa 17. 948- 89 30 12.
  • Pension Txiki- Mendigatxa 17. 948- 89 31 18.
  • Asolaze Kanpin-Aterpetxea- Frantziara errepidea, 6.km.

Lo egiteko:

  • Hotel Ezkaurre- Garagardoia 14. 948- 89 32 81.
  • Idoya Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 32 49 / 30 59.
  • Inés Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 31 55.
  • Lakora Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 31 42.
  • Catalingarde Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 31 54.
  • Fco. Mayo Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 31 66.
  • Garatxandi Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 32 61.
  • Paletas Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 32 47.
  • Luceno Nekazal Etxea- Zentruan. 948- 89 32 84.

Belagua[edit | edit source]

Jatorduan:

  • Txamantxoia Jatetxea- Haranean.
  • Venta de Juan Pito Jatetxea- Mendatean.


Jan eta lo egiteko:

  • Belagoako Angel Oloron Aterpetxea- Belagoa Mendatea. 948- 39 40 2.

Erreferentziak[edit | edit source]