Wy/eu/Getariako (Gipuzkoa) ibilbideak

From Wikimedia Incubator
< Wy‎ | eu
Wy > eu > Getariako (Gipuzkoa) ibilbideak

Gipuzkoako Getaria udalerriak hainbat ibilbide ditu:

Askizuko txangoa[edit | edit source]

N-634 errepidea hartu (Zumaiarantz) eta itsaslabarra inguratuko dugu Igarategi errota zaharrera iritsi arte; han helduko diogu Askizu baserri‑auzora joateko herri‑bideari. Mahatsondo garaien eremua da, eta hango mahats zuriarekin egiten da Getariako txakolin estimatua, Kantauri itsasoko arrainaz prestatutako plateren laguntzaile bikaina.

Fabiola Belgikako erregina zenak eta haren familiak lur‑sailak eta baserriak dituzte inguru horietan, arbaso batenak izanak; Joakin Berroeta Aldamar senatariaz ari gara, Gipuzkoako diputatu nagusia izana aho batez. Haren gorpuz­kia San Salbatore elizaren kriptan ehortzita dago.

Eskuinaldera hartuko dugun bide batek San Prudentzio ermitara eramango gaitu, Gaineta muinoaren biz­karrean. Kalenturen aldez­kari Andra Mari Sokorrokoaren jargoia da. Elkanok gogoan izan zuen ermita hori testamentua egin zuenean. Iturregi baserria gertu dago; han jaio zen Trino Maria Gonzalez de Quijano Iturregi. 1854an, Alacanteko gobernadore zibila zela, kolera‑izurritea hedatu zen inguru hartan; kaltetutako herriak bisitatu zituen eta kutsatutako gaixoei laguntza ematen aritu zen, eta zeregin horretan ziharduela hil zen. Alacantek mausoleo bat eraiki zion, eta urtero egiten diote lore‑eskaintza.

Eliza[edit | edit source]

Egin ditzagun metro batzuk atzera eta har dezagun Askizuko bidea. Muino ederra da, eta bista zoragarriak ditu. Hango San Martin elizak baserri batzuk eta intxaurrondoa ditu inguruan. Lehen gotikoko eraikina da. Absidean bi leiho zabal biki ditu; hirugarrena erdian dago eta altuagoa da, kuku‑leiho baten antzera. Monasterio giroko barrualdean Kristo gurutzatu bikaina dago, eta haren alboetan Maria eta San Joan (kalbario klasikoa). Tamaina naturaleko irudiak dira, haiek ere gotikoak, XIV. mendekoak. Albo batean San Martinen erliebe xaloa: erromesen babesleak bere kaparen erdia ematen dio egurrez­ko zangoa duen eskale bati. Alboan ageri den irudi bakartu bati Santa Apolonia zelakoan errezatzen zioten fededunek, hagineko minak sendatzeko, eta minak arintzen omen ziz­kien. Orain dela gutxi, ordea, jakin dugu tailu horrek, flandestar estiloko orraz­kera eta kokospekoa dituenak, Maria Magdalena irudikatzen duela.

Juan Sebastian Elkanok argi eta garbi utzi zuen asko estimatzen zuela Askizuko San Martin eliza; izan ere, haren herriko parrokia‑elizari sei dukat utzi ziz­kion, eta Askizukoari halako bi:

«Ytem mando a la iglesia del señor San Martín, que está. en la jurisdicción de la Villa de Guetaria, doce ducados de oro, con los cuales se haga un terno de altar para el preste, diácono y subdiácono de buen paño colorado, que cueste un ducado cada vara, y si algo faltare en los doce ducados se cumpla lo demás por mi heredero”.»

Bista ederrak oraindik ere begien aurrean ditugula, Askizutik Orruaga hondartzara jaitsi gaitez­ke mandabide piko batean behera. Itsas zabaleko hondartza da, arrisku handikoa; 1943an hango olatuek eraman zituen inguruko Karakas baserriko lau senide. Beste aukera bat da mazelaren erditik doan oinez­ko ibilbidean aurrera egitea eta Zumaiako Santiago hondartzara eta ermitara jaistea, Done Jakue bideko erromesen antzera.

Elkanoko txangoa[edit | edit source]

Meagas bidean kilometro pare bat egin ostean Garate gainera (278 m) igo eta begiratoki aparta aurkitzen da. Gailurren ez­kerraldera hartuta, Zarauz­ko Santa Barbara ermitara iristen da, 1704an eraikia herriko marinelek jarritako limosnekin.

Garate gainetik aurrera joan gaitez­ke, Meagas baserri‑auzoraino. Kanpai‑horma apaleko San Isidro ermitak, eskolek eta pilotalekuak osatzen dute auzo‑gunea. Inguru horietan daude Euskal Herriko az­ken artelatzak (ukamuk ere esaten zaie).

Eskualde‑errepidea zeharkatu eta beste bide bat hartuko dugu, 2 km egin ostean Elkano auzora eramango gaituena. San Pedro elizak harlanduz­ko zelata‑dorrea du, ezaugarri arkitektoniko zirraragarria duena: plataforma aurreratua, alegia. Erdi Aroko dorre xume horrek, kanpai‑horma soil bat duenak, gerrarekin eta itsas orientazioarekin zerikusia zuten funtzioak bete zituen, agidanez. San Pedro eliza txikiaren portada eta hutsarteak gotikoak dira, XIV. mendekoak. Antzinako dokumentuetan beste eliza bat aipatzen da, 1025ean inguru horretan zegoena. Baserri gutxi daude, haietako bat Elkano goena da. Bi isuriko teilatua du eta habez egindako egitura. Juan Sebastian Elkano ospetsuaren jaiotetxea omen da. Nabigatzailea hil eta urte batzuetara, Perika Elkano zen Elkanoko elizako serora txikia. Zarauz­ko parrokiako heriotzen 1. liburuko 25. orrialdean ageri da Elkano goena baserriko Jose Elkano 1640ko abuztuaren 12an hil zela, 107 urte zituela (Joseph de Elcano, señor del caserío Elkano goena, mayor en días de 107 años, acaecido el 12 de agosto de 1640). Heriotza‑agiriak adierazten du, halaber, Jose Elkanoren aitak 100 urte harrapatu zituela eta amak 102 (El padre de Joseph murió de ciento y su madre de 102). Indamendi inguruko haizeak luze bizitzeko lagungarriak dira, antza.

Itzultzean, San Pedro ermitan geldituko gara. Ermitako ezkila Munoa itsasgizonak oparitua da, hondoratzear zegoen itsasontzi batetik mirariz salbatua. San Pedro ermitatik ikusten da ipar‑ekialdeko itsasertza, Matxitxakoraino.